KONFINAMENDUA ETA ELIKADURA ARDURATSUA
Konfinamendua luzatuko dela dirudi... zer egin dezakegu egun hauek pasatzean hainbat kilo gehiago ez edukitzeko?
Hotzean pentsatzen badugu abantailak ere aurkitu ditzakegu konfinamendua eta kiloen arteko erlazioan. Bat-batean inongo bizitza sozialik gabe geratzen gara, lagunekin ostiraletan jaten dugun ogitartekoa, garagardoak, pintxoak, amaginarrebarekin igandetako bazkaria, lagunartean hartzen dugun “kafea”, pintxo-potea, etab. Beste giro arriskutsu batzuk ere alde batera uzten ditugu, lanekoa adibidez. Ez ditugu lankide guztien urtebetetzeak ospatuko eta ez dugu kutixirik jasoko lanean egindako mesedeengatik, adibidez.
Erosketak arduraz egin:
Janariarekin edukiko dugun erlazioa bakarra etxera mugatuko da, bertan kontrol zorrotzagoa ezarri dezakegularik. Hori bai! Honek arduratsuak izatera behartzen gaitu. Eta hemen daukagu gakoa, EROSKETA! Bai, horren erraz. Etxean bakarrik jango dugu, hortaz, guk geuk erositako elikagaietatik bakarrik. Beraz, zer erosi behar dugu? Ba erantzuna erraza da ere, janaria. Gaur egun hain bogan dagoen real food edo benetako janaria deritzona. Produktu jangarriak edo elikagai ultra-prozesatuak aldera batera utziz. Barazkiak, fruta, tuberkuluak, haragia, arraina, arrautzak, lekaleak, labore integralak, azukrerik gabeko esnekiak eta koipe osasuntsuak abiapuntu bikaina izan daitezke.
Pisua erraztasunarekin hartzen duzun horietakoa bazara, ez legoke soberan, geratzen diren konfinamendu egun hauetan pisua monitorizatzea. Pisatzea alegia. Baskulak goranzko joera hartzen badu, lehenbailehen neurriak hartu ahal izateko. Kasu honetan arroza, pasta, ogia eta koipe orokorra murriztea izan daiteke hartzeko lehenengo neurria.
Ekuazioaren bestaldean kaloria kontsumoa dugu. Argi dago hau gutxitu egingo dela egun hauetan. Batez ere NEAT -aren murrizketagatik. NEAT-a egunerokotasunean, kirola ez diren ekintzek, eragindako kaloria erretzea da (erosketak egin, eskailerak igo, lanean ibili, etab.) Zer egin dezakegu honen aurka? Ba kirola! Youtube edo instagram-en hamaikatxo kontu dauzkagu egunero zuzeneko kirol saioak eskaintzen, gure neurrirako bat aukeratzea da egin behar dugun bakarra. Oraingoan denbora ez da aitzaki.
Zaindu!

Argitaratuta: Iñaki Elortza Sarasketa
Farmazilaria eta Nutrizio eta Dietetikan graduadua.