ELIKAGAIEI MENPEKOTASUNA?
Elikagai edo janariekiko menpekotasuna zientzialarien artean eztabaida sortzen duen gaia da. Hauetako askorentzat menpekotasun hau benetakoa (janaria droga balitz bezala) den bitartean beste asko eszeptiko mantentzen dira gai honen inguruan.
Ustezko menpekotasun hau obesitatearen edo gehiegizko pisuaren arrazoietako bat izan daiteke, eta hauek artatzean, egoten diren porrot ugarirenak ere. Honek, hainbestetan aipatzen den borondate gabeziaren ideiari indarra kenduko lioke.
Elikagaiei adikzioa existitzen da?
Beste menpekotasun batzuetan honen eragilea erraz ezagutzen badugu ere (drogak, alkohola, jokoa, tabakoa...) elikagaien kasuan ez da identifikatu berak bakarrik menpekotasun hau sortzeko gaitasunik duenik. Aldiz, honi buruz galdetzen denean, askotan aipatzen dira izozkiak, txokolatea, patata frijituak, pizzak, eta antzerako ultra-prozesatuak. Oso ohikoa izaten da ere ogia zerrenda honetan.
Ultra-prozesatu hauek, alde batetik azukre asko dute (gehienetan etsai nagusi bezala hartzen duguna) eta bestalde, koipe, gehigarri eta gozatzaile desberdinak edukitzen dituzte euren konposiziotan. Gainera proteina eta zuntz oso gutxi edukitzen dute, bi hauek asetzeko gaitasunarekin oso erlazionatuak.
Gehiegizko prozesamendua, lortzeko erraztasuna, osagai konbinazioa, asetzeko gaitasun txikia, hauen digestioan agertzen diren opioideetan eragina duten peptido batzuk etabar egon daitezke produktu hauek sortzen duten plazer eta menpekotasun handiaren atzean.
Zalantzarik gabe, menpekotasunean oinarritutako ikuspegi honek, osasun publikoaren arloan obesitatea eta beste gaixotasun kroniko batzuk ekiditeko hartzen diren neurrien gida izan behar du. Neurri hauen artean publizitatearen murrizketak, salneurrien erregulazioa, eskuragarritasunaren kontrola eta ontzietako oharrak ere egon daitezke.
Bestalde, ikuspegi honek, gu ere kontzienteagoak egin behar gaitu, hauek erosten ditugunean edota, adibidez, ume bati eskaintzerakoan.
Zaindu!

Argitaratuta: Iñaki Elortza Sarasketa
Farmazilaria eta Nutrizio eta Dietetikan graduadua.