ARTRITISA ETA ARTROSISA
Gaixotasun hauek, oso ezagunak izanik ere, ez ditugu askotan ondo ezberdintzen eta nahastu egiten ditugu. Sintomak nahiko antzekoak izanik, artikulazioen gogortzea eta mina, ez dakigu ondo noiz ari garen bataz edo besteaz.
Saiatuko naiz gaur, luzatu gabe eta ahalik eta zehatzen, bien arteko ezberdintasunak azaltzen:
-
Artrosia gaixotasun degeneratibo bat da, adinarekin eta beste faktore batzuen eraginez (menopausia, obesitatea, mugimendu mekanikoak…) sortzen dena. Artikulazioak babesten duten kartilagoa desagertzen doa, hezurrek beraien artean talka egiteraino.
- Artritisa aldiz, gaixotasun inflamatorioa da, eta artikulazioak babesten duen mintz sinobialaren hanturagatik sortzen da. Bere jatorria ezezaguna izanik ere, arrazoi genetiko eta infekziosoekin lotzen da.
Bi hauek dira 50 urtetik gorako pertsonen artikulazioetan ematen diren gaixotasun nagusiak, eta biak kronikoak izanik ere, sufritzen dituztenek ondo dakite neguko hotzekin síntomak areagotu egiten direla.
Argi utzi behar da, hala ere, hotzak ez dituela gaixotasun hauek okertzen, sintomak areagotzen dituela soilik. Hotzarekin artikulazioetan odol isuria murrizten da, eta eraginez, mina eta artikulazioen gogortasuna handitzen dira.
Gaixo bakoitzean hotzak eragin ezberdina izan arren, orokorra da nolabaiteko sintomen areagotzea, baina badaude, síntoma horiek ahalik eta leunen igarotzeko zenbait gomendio.
Adibidez, artikulazioak ariketa arin baten bitartez egunero mugitzea, dutxan artikulazioei ur beroa botaz, bero zuzena jarriz (manta elektrikoak, hazien poltsak..), masajeak, artikulazioak erropekin hotzetik ondo babestuz, edo, behar denean, analgesikoren bat hartuz.
Ez da negua garai ona gaixotasun hauek pairatzen dituzuenentzako, animo eta zaindu.

Argitaratuta: Iokin Elortza Sarasketa
Farmazilaria eta Ortopedia eta Laguntza Teknikoetan Unibertsitatean Aditua