ELIKADURA OSASUNTSUA
ELIKADURA OSASUNTSUA
Denok dakigu elikadura osasuntsu baten oinarriak zeintzuk diren, zer jan behar dugun osasuntsu egoteko eta gizarte modernoan pairatzen ditugun gaixotasunak (diabetesa, obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, etab.) ekiditeko. A bai? Ba ez, ez da hala. Askok uste dute osasuntsu elikatzen direla, eta egunero hartzen dituzte digestive gailetak, arto edo arroz “tortitak” eta laranja zukua...
Eta ez! Horiek ez dira elikagai osasuntsuak!
Kontua da zientzialariak ere oraindik ez direla guztiz ados jartzen elikadura osasuntsu baten oinarriak finkatzerako orduan. Gainera, sare sozialen laguntzarekin pertsona asko elikadura estilo zehatz batekin identifikatzen dira eta horren jarraitzaile sutsuak bilakatzen dira. Horren adibide “keto” dietaren jarraitzaileak, paleo dieta zaleak, beganoak, realfoderrak edo baraualdi zaleak izan daitezke. Beste arlo askotan bezala, sare sozialek ideia horiek erradikalizatu egiten dituztemuturrera eramanez.
Eta, zer dio zientziak honen guztiaren inguruan? Azken urteotan, zientziaren saiakera izan da aipatu ditugun gaixotasun “moderno” horiek pairatzen ez dituzten pertsona-taldeen elikadura aztertzea. Horretarako, arbasoen elikadura gordetzen duten hainbat tribu ikertu dituzte. Tanzaniako hadza-k, Artikoko inuit-ak, Australiako aborigenak, Boliviako tsimane-ak, kitavak, masaiak, etab. Talde
horietan gaixotasun horien prebalentzia oso oso baxua da gure gizartearekin alderatuta.
Zer ondorio atera daiteke ikerketa hauetatik?
Bada ez dagoela elikadura osasuntsu bakar bat edo unibertsala denontzat.
Beste era batera esanda, elikadura osasuntsua era askotakoa izan daitekeela eta gizakiok elikadura mota desberdinetara egokitzeko ahalmena dugula.
Inuit-ek, adibidez, ez dute ia barazki edo fruiturik jaten eta euren elikadura animalia jatorriko proteina eta gantzetan oinarritua dago.
Hadze-k eztian eta karbohidratoetan oinarritutako elikadura daukate.
Masaiek behi-esnea, odola eta tuberkuluak jaten dituzte.... Beraz, oso elikadura heterogeneoa baina, azken finean, osasuntsua.
Orduan, non dago honen guztiaren gakoa? Neurri handi batean elikagai ultra-prozesatuak edo produktu jangarrien gabezian egon
daiteke. Tribu horietan ez dago halakorik, jaten dutena naturatik dator zuzenean, ez dago elikagai-industriarik. Gainera, jaten dituzten
elikagai horiek nutrienteetan oso dentsoak dira, kaloria gutxi dauzkate baina, aldiz, bitamina, aminoazido, gantz osasuntsu eta mineralez
beteta daude. Bestalde, azukre xinpleen kontsumoa oso baxua dute tribu gehienek eta, azkenik, tribu horietan ia hidratazioaren %100
urarekin egiten dute soilik, ez dute ura ez den beste ezer edaten.
Eta, hau da dena? Ez dago beste ezer? Badago, bai, elikadura oso garrantzitsua da, jakina, osasunaren zutabeetako bat da, zalantzarik
gabe, baina horrek ez du dena azaltzen. Kontuan eduki beharreko beste faktore batzuk dauzkagu.
Faktore garrantzitsuak:
Alde batetik, nola ez, aktibitate fisikoa, ezinbestekoa osasuntsu egoteko. Tribu horietan asko mugitzen dira egun osoan zehar eta, gainera indarra ere lantzen dute; horrek muskulua eta hezurra mantentzen laguntzen die, osasunerako daukan garrantziarekin.
Bestalde, naturarekin kontaktuan bizi dira eta bioerritmo osasuntsuak dituzte. Gizakion erritmo zirkadianoa errespetatzen dute; egunez bizi eta gauean atseden hartu, lo ordu kopurua ere behar bezalakoa delarik. Horrek, gainera, eguzki-argiarekin kontaktuan daudela esan nahi du, horrek dauzkan onura guztiekin, argi artifizialen eta pantailen eragin negatiboa alde batera utziz.
Beste estresore batzuk ere aipatu daitezke, estres termikoa adibidez. Tribu horietako gizakiak hotza eta beroa pasatzera ohituta daude. Eta
hori, askok uste dutenaren kontra, osasunarentzat oso onuragarria da. Estres termikoak, eta beste batzuk, kirolak adibidez, gorputza indartzen dute, sistema immunearen funtzionamendua hobetu, etab...
Bukatzeko, kontuan eduki behar dugun beste faktore bat erlazio sozialena da. Tribu horietan ez da ia bakardadea sentitzen eta beste pertsonekin kontaktu estu eta osasuntsua ematen da normalean. Taldearen zati garrantzitsua sentitzen da pertsona.
Egin dezagun, beraz, ideia horien guztien laburpena. Osasuntsu egoteko, jan naturatik datozen elikagaiak, utzi ultra-prozesatuak eta azukre xinpleak alde batera, ura edan, kirola egin, bai “kardioa” eta baita indarra landu ere, egon naturarekin kontaktuan, eguzkia hartu, argi artifizialen eta pantailen erabilera murriztu, lo nahikoa egin, hotza eta beroa pasa noizean behin eta beste pertsonen konpainiaz
disfrutatu!
Hau da dena, ez dela gutxi...
Zaindu!

Argitaratuta: Iñaki Elortza Sarasketa
Farmazilaria eta Nutrizio eta Dietetikan graduadua.